Gaur egun, lehiakortasuna areagotzen ari da nabarmen, hainbat faktorerengatik: globalizazioa eta haren eragin ugariak merkatuan; informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien garapena... Horrek, jakina, aldaketa bizkor eta gero eta korapilatsuagoak eragin ditu enpresen gestioan.
Testuinguru berri honetan lehiakortasun iraunkorra lortzeko, enpresek ingurunearekiko etengabeko moldaketan eta elkarrekintzan dauden ekosistemen moduan jardun behar dute, honako hauek bitartekotzat harturik:
§ Lehiakideak zaintzeko alerta sistemak, inguruan gerta litezkeen aldaketei aurrea hartzeko.
§ Norabide estrategikoko prozesu dinamikoak, aukera estrategiko egokienak ezarri eta bideratzeko, eta abantaila lehiakor iraunkorrak erdiesteko.
§ Jarduera berritzaile bizi eta dinamikoa, balio iturri berrien sortzaile gisa, giltzarri izango dena kostu apaleko lehiakideengandik bereizteko.
§ Bezeroarenganako orientazioa eta erabateko malgutasuna ezaugarri dituzten antolakuntzak, horrek erraztasun handia emango baitie aldaketak ezartzeko.
§ Pertsona lehiakorrak eta enpresa proiektuarekin konprometituak.
§ Errendimendu handiko prozesu giltzarriak, bezeroengana, hornitzaileengana, laguntzaileengana... hedatuak, barne gaitasunen osagarri, kogarapenaren eta enpresen arteko lankidetzaren bitartez.
§ Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) erabilera eraginkorra, prozesuen barne errendimendua nahiz bezeroekiko eta funtsezko beste partner batzuekiko elkarrekintza bultzatzeko lanabes gisa.
§ Lidergo eraldatzaile eta sozializatua, eraldaketa prozesuaren elementu lotzaile eta dinamizatzaile gisa.
Enpresa munduak bizi duen eraldaketarekin batera, Administrazio Publikoan ere aldaketa sakonak ari dira gertatzen. Aldaketa horiek honako hauek dituzte xede, besteak beste: alde batetik, Administrazioaren eta Herritarraren arteko harremanak lantzeko beste modu bat garatzea; bestetik, prozesuen hobekuntza eta sinplifikazioaren bitartez eragingarritasun handiagoa lortzeko beharra. Erronka horiei aurre egiteko, nahitaezkoa da Modernizazio prozesu ordenatu eta egituratu bati ekitea, antolakuntzaren eta teknologiaren esparruetan erabakitako ekimenak integratzeko, eta gestio eredu berriak indarrean jartzeko.
Gestio Aholkularitza eta Teknologia Aholkularitza alorretako gure irtenbide espezializatuak bezeroei (Enpresak eta Administrazioa) balioa eranstera bideratuta daude, transformazio prozesu baten bidez, Enpresa Global eta Hedatua eta Administrazioaren Modernizazioa, hurrenez hurren, gauza ditzaten. Prozesu horrek bi faktore konbinatzen ditu: alde batetik, ikuspegi globala, esku-hartzeen arteko koordinazioa eta bat egite estrategikoa bultzatzeko xedearekin; bestetik, adituen iritzia, hainbat esparru funtzional eta sektorialetan: Industria, Zerbitzuak, Administrazio Publikoa, Toki Administrazioa eta Osasuna.
Gure eskaintzaren hedadura eta espezializazioari esker, soluzio berritzaile eta egiaztatuetan oinarritutakoa, eta gure Aholkulari taldeen izaera diziplinanitzaren laguntzarekin, etengabeko eta erabateko laguntza eskain diezaiokegu bezeroari, eta prozesu osoan har dezakegu parte: estrategia korporatiboen eta negozio estrategien definizioan, irtenbide operatibo eta teknologikoen diseinuan, eta emaitzak lortzeari begira burutzen dugun soluzio horien ezarpenean.